Zizarezuloaren afera: zer gertatu da

"Zizare-zulo bat sortu dute ordenagailu kuantiko bat erabiliz." Izenburu hori zuen albisteak bere berri eman zuen Quanta aldizkarian. Fisika teorikoaren zutarriak dardarka jarri zitzakeen halako izenburudun ikerketa batek, baina behin dardarizoa pasata, guztia ezerezean geratu da. Sekulako oihartzuna izan bazuen ere, fisikariak ados jartzen ari dira esperimentu arrunt bat gehiago besterik ez zela izan esatean. Zer gertatu zen, zergatik horrelako oihartzuna?

Duela bi aste Nature aldizkarian argitaratu zuten: Googlen ordenagailu kuantiko batean zizare-zulo bat sortu zuten. Gure txio harian azaltzen saiatu ginen zer argitaratu zen. Motzean esanda, korapilatze kuantikoa erabiliz sistema kuantiko konkretu bat sortu zuten, eta AdS/CFT delako korrespondentziaren arabera, sistema kuantiko hori matematikoki zizare-zulo sinplifikatu baten parekidea da.

Berriak sekulako oihartzuna izan zuen. Quanta aldizkari zientifikoa izan zen xehetasun gehien eman zituena, albistearen inguruko primizia izan baitzuen, eta izenburuan zizarezulo bat sortu zutela jarri zuten. Segituan mundu mailako berriemaile nagusiek ere eman zuten albistea, gehienek Quantaren antzeko izenburuekin, baina batzuek eszeptizismo apur bat ere erakutsi zuten behin albistea fisikari batzuekin eztabaidatu ondoren.

Jada bi aste pasata, fisikari gehienak ados daude: sekulako prentsa kanpaina izan zuen esperimentu arrunt bat besterik ez zen izan. Halako kanpaina jasan ez balu, ikerketa honelako esaldi batez laburtu ahal izango litzateke: “Google-eko ordenagailuek espero zen erantzuna eman dute 9 qubiteko korapilatze kuantikodun sistema baten aurrean”. Hau da, ikerlariek sistema korapilatu zehatz bat aztertu nahi zuten, kalkuluak egin zituzten sistema hori ordenagailu kuantiko batean nola simulatu, hala programatu eta simulatu zuten, eta emaitzak esperotakoak izan ziren. Zer zerikusi du honek zizarezuloekin?

Badago AdS/CFT izeneko teoria bat, oraindik frogatua ez dena, mundu kuantikoa eta grabitatearen mundua nolabait lotu nahi dituena. Teoria hori muturrera eramanez, EP=EPR izeneko ideia bat dago non korapilatuta dauden bi partikula zizarezulo baten parekide diren esaten den, hau ere batere frogatu gabea. Bada ikerketa honetan simulatu zuten sistema kuantikoak, dualitate honen arabera zizarezulo bat izango zukeen parekidetasunaren beste aldean. Baina hau oso urrun dago zizarezulo bat sortzetik. Scott Aaronson fisikariak adierazi duen bezala, arkatz bat hartu eta zizarezulo bat marraztuko bazenu zizarezulo bat sortu duzula esan zenezake, eta gutxi gora behera hau da ikerketa honetan egin dutena.

Norena da halako ikerketa arrunta iraultza bat bezala saltzearen errua? Fisikaren dibulgazioan dihardutenak honi buruz eztabaidan daude. Batzuek ikerlariei eurei botatzen diete errua, euren ikerketa iraultza baten pare saltzeagatik. Beste batzuk diote artikulu originala irakurriz gero, inon ez diotela zizarezulo bat sortu dutenik eta artikulua bere horretan zuzena eta egokia dela. Kazetariak ere jo dituzte errudun, batez ere Quanta aldizkarikoak, artikulua argitaratu aurretik bigarren iritziak ez biltzeagatik ikerketatik kanpo zeuden fisikarien artean. Baina jendaurreratze prozesuan ere arazoak egon dira: Quantak primizia zuen ikerketaren inguruan, baina informazioa sekretupean gorde behar zuenez, ezin zuen bestelako fisikariengana bigarren iritzi bila jo.

“It from qubit” izeneko zientzia mugimendua ere errudun jo dute. Azken urteetako olatu bat da, non ordenagailu kuantikoak eta qubit-ak erabiliz unibertsoaren sekretu sakonenak azaleratu nahi dituzten, nolabaiteko teoria inuzente xamarrak erabiliz. Maiz argitaratu dituzte albisteak qubit-ez baliatuz zulo beltzen, unibertsoaren entropiaren, eta abarren inguruko hausnarketekin, fisikari teoriko gehiengoaren onespen murritzarekin. Ordenagailu kuantikoen olatua aprobetxatuz albisteak saltzen dituzte, eta albisteekin ospea eta diru-laguntzak, euren ikerketekin jarraitzeko.

Nor atera da afera galtzen? Zoritxarrez jende asko, eta zientzia batez ere. Izen konkretuetatik hasiz, ikerketaren egileak eurak berak, nahiz eta ikerketa zuzena izan garrantzia gehiegiz saltzeagatik. Jarraitzeko, Quanta aldizkaria. Nahiz eta zientziazaleen artean oso ondo ikusia egon, informazio fidagarria eman ohi duelako, oraingo honetan hanka sartu dute, eta nolabait konpontzen saiatu badira ere (albistearen izenburua aldatu zuten, “zizarezulo” deitzetik “zizarezulo holografiko” deitzera pasaz), orbana hor geratuko da. Albistea eman zuen Natalie Wolchover kazetari zientifikoa, Pulitzer irabazlea aurten bertan, asko seinalatua izan da. Eta bestelako berriemaile nagusi gehienak ere oso kritikatuak izan dira, behin Quantak albistea argitaratuta denbora izan baitzuten bigarren iritziak biltzeko eta fisikari gehiagoren ikuspuntuak aztertzeko.

Kaltetuena zientzia bera izan da, fisika teorikoaren alorra batez ere. Hamarkadak dira fisika teorikoa krisian dela, Eredu Estandarra garatu zenetik ez da aurrerapauso handiegirik izan. Korden teoriaren olatua etorri zen, baina pasatzen ere ari da ekarpen sendorik gabe. “It from qubit” olatuan murgilduta bagaude ere ekarpen fidagarriak falta zaizkio. Bide berriak irekitzeko beharra dago, baina inork ez daki nola. Zizarezuloaren albistearekin halako bide bat ireki izan balute bezala hitz egin dute, baina sortu duten itxaropen guztia faltsua izan da; ez dago bide berririk. Zientziak, eta zientzialariek, sinesgarritasuna galdu dute. Hurrena halako albiste bat datorrenean, izan Naturen, izan beste edozein goi-mailako aldizkaritan, zientziazale xeheak ez du jakiterik izango adierazten dutena fidagarria den ala ez.

Oraingoz horrela dugu afera. Ikusiko dugu nola eragiten dion honek guztiak alde bakoitzari. Oraingoz, badirudi urte asko pasako direla fisika kuantikoa eta grabitatea modu serioan elkartzeko saiakerak ikusi arte. “It from qubit” programak sinesgarritasun izugarria galdu du, lorpen faltsuak horrela saltzeagatik. Oraingoz behintzat, tentuz ibili albiste berean qubit-ak, informazioa, eta zulo beltzak edo kosmos mailako bestelako egiturak batera ikusten badituzue.

 

Iruzkinak

Blog honetako argitalpen ezagunak

Gainezarpen kuantikoa

Elkartze kuantikoa eta EPR paradoxa