Eba mitokondriala: gizaki guztion amona

Gizaki guztiok, gure zuhaitz genealogikoa amen adarretatik jarraituz, emakumezko arbaso berbera dugu, denon birramona deitu ahal geniokeena. Azken ikerketen arabera, Eba mitokondriala deituriko hau duela 155.000 urte inguru bizi izan zen, Afrikan seguru aski.

Eba mitokondriala gaur egungo gizaki guztien arbasoa da, zuhaitz genealogikoa emakumeen adarretatik bakarrik jarraituz. Zuhaitza atzeraka jarraituz, amaren amaren, bere amaren, eta abarren arrastoari segiz, iritsiko da belaunaldi bat non gizaki guztiok emakume berera iritsiko garen: gu denon birramona, Eba mitokondriala. Honek ez du esan nahi Eba mitokondriala garai hartako emakume bakarra zenik; beste milaka emakume egongo ziren eta euren seme-alabak izango zituzten, baina beste haietako inoren oinordekoak ez dira gaur arte alabaz alaba iritsi, tartean gizonezko oinordekorik izan gabe. Ez du esan nahi ere bakoitzaren arbaso emakumezko bakarra denik; bi amona eta lau birramona ditugun bezala, duela 155.000 urteri dagokion belaunaldian milaka birramona izango ditugu gutako bakoitzak (eta haiei esker izango dugu dugun nahasketa genetikoa) baina haietako bakarra izango da amaren amaren amaren, eta hala belaunaldi hartara arte, ama.

Sinesgaitza iruditu daiteke gizaki guztion amaren lerroko arbasoa berbera izatea, baina logika apur bat erabiliz beste aukerarik ez dagoela ikusten da. Demagun gaur egungo emakume gazteen (belaunaldi berrienaren) populazioa 10ekoa dela. Hauen ama biologikoen kopurua ez da inoiz 10 baina handiagoa izango, pertsona batek ezin baititu bi ama biologiko izan. Beraz amen kopurua 10ekoa edo txikiagoa izango da. 10 baino txikiagoa izango da belaunaldi gazteenean gutxienez bi ahizpa aurkitu baldin badaitezke. Demagun bi ahizpa badaudela 10 horien artean: hala 9 ama ezberdin egongo dira beraien amen artean. 9 hauen amen belaunaldiari begiratuz gero, dauden ahizpa kopuruen arabera 9 edo ama gutxiago egongo dira, belaunaldi gazteenaren ama aldeko amonak izango direnak. Horrela jarrai genezake belaunaldiz belaunaldi, eta amen lerroei bakarrik jarraituz, amen kopurua gutxitzen joango da belaunaldi batean ahizpak dauden bakoitzean. Berdin dio belaunaldi gazteenean zenbat gizaki dauden (milaka miloi badaude ere), beraien amak atzeraka jarraituz euren kopurua jaisten joango da, eta nahikoa belaunaldi atzera eginez gero emakume bakarrera iritsiko gara: Eba mitokondriala.

Beheko irudiak adibide bat erakusten du, ausazko zuhaitz genealogiko bat izan daitekeena. Borobilak emakumezkoak dira eta gurutzeak gizonezkoak. Emakume bakoitzaren seme-alabak irudikatzen dira. Emakume bakoitza ze gizonezkorekin ugaltzen den axola ez dionez (inguruan duen edonork balio du) ez da aita irudikatzen. Belaunaldi gazteenean 11 pertsona daude, horietako 5 emakumeak. 5 hauen amen arrastoa berdez irudikatu da belaunaldi zaharragoetara, eta hurrenez hurren 5, 4, 4, 3, 2 eta 2 emakume aurkitu dira belaunaldi bakoitzean, belaunaldi zaharrenean Eba mitokondriala izango litzatekeen emakumera iritsi arte.


Zientzialariek mitokondrietako DNA (mtDNA) aztertuz ondorioztatu dute Eba mitokondriala duela 155.000 urte inguru bizi izan zela. Afrikatik emigratu izanaren teoria zuzena bada, Afrikan biziko zen.

mtDNA berezia da kromosometako DNAz alderatuz. Ugalketan, mtDNA oso osorik amarengandik pasatzen da seme edo alaba, ez da aitaren mtDNArekin nahasten. Horrela, gizaki guztiok norberak bere amaren mtDNA berbera dugu, eta haiek euren amarena dutenez, azken batean denok (belaunaldiz-belaunaldi zoriz ematen diren mutazioak izan ezik) Eba mitokondrialaren mtDNA berbera dugu. Egungo gizakion mtDNA eta bertako mutazioak aztertuz datu asko lor daitezke gizakion jatorriari eta nondik norakoari buruz.

Eba mitokondrialari buruz jardun badugu ere, gizonezkoetan ere antzekoa gertatzen da Y kromosomari esker. Kromosoma hau gizonezkoek bakarrik dute eta aitatik semera pasatzen da. Kromosomaren DNA kodea eta bertako mutazioak aztertuz giza populazioaren aiten adarren datuak lor daitezke. Hala, badago ere Y-kromosomaren Adam izeneko gizonezkoa, zein egungo gizaki guztion aitona izango litzatekeen, zuhaitz genealogikoan aiten adarrei bakarrik segiz, eta zein duela 200.000-300.000 urte bizi izan zela uste den.

Iruzkinak

Blog honetako argitalpen ezagunak

Gainezarpen kuantikoa

Elkartze kuantikoa eta EPR paradoxa

Zizarezuloaren afera: zer gertatu da