Andromeda galaxiaren itxurazko tamaina pentsatuko genukeena baina handiagoa da

Andromeda galaxiaren argazki ohikoenean ikusten dugun diskoa oso txiki imaginatzen dugu gaueko zeruan, begi hutsez edo kataleju batzuz doi doi ikusteko modukoa. Egiatan, baina, argazki horietan ikusten den galaxia espiralak gure zeruaren zati handi xamar bat okupatzen du; irudi hori begi hutsez ikusiko bagenu, ilargia baina 6-8 aldiz handiago ikusiko genuke.

Andromedaren benetako eskala Ilargiarekin alderatuta

Esan izan da Andromeda edo M31 galaxia dela begi hutsez ikus daitekeen objekturik urrunena. Bere bila begi hutsez edo katalejuz ibili direnek badakite izar oso txiki baten tamainan ikusten dela, Andromeda konstelazioan, eta inguruko izarretatik bereizten dela bere itxura txapalagatik.

Andromeda begi hutsez
Andromeda begi hutsez

Begi hutsez ikusten dena, baina, galaxiaren nukleo zentrala besterik ez da. Nukleoaren inguruan dauden izar eta gasek eta bere beso espiralek ez dute nahikoa argi ematen begi hutsez ikusteko. Andromedaren ohiko argazkietan erakusten dena, berriz, galaxia osoa da eta nukleo zentrala baina askoz ere handiagoa da. Ondorioz, argazkietako galaxia osoa zeruan begi hutsez ikusiko bagenu, izugarri handia irudituko litzaiguke. Artikuluaren sarrerako argazkian ikus daiteke Andromeda galaxia osoaren tamaina, Ilargiarekin alderatuko bagenu, Lurretik ikusiko genukeen bezala.

Galaxiaren nukleoa bakarrik ikustearen arrazoia, inguruko gas eta izarren argia oso kopuru txikian iristen zaigula da, ez dute nahikoa argitasun. Gure begiek ez dute nahikoa zehaztasun argi kopuru urri hori antzemateko. Andromeda galaxia osoa ikusten diren argazkiak esposizio denbora luzez ateratako argazkiak dira, denbora tarte luzeetan argi izpi gehiago iristen baitira objektibora.

Andromedaren itxurazko tamainaren zenbakiak ateratzea erraza da. Andromeda guregandik 765 kiloparsecetara dago. Parsec bat 3,26 argi urte edo $ \mathrm{3·10^{13}} $ km dira. Andromeda ez da gure inguruan biraka orbitatzen ari, baina gure ikuspuntutik, zeruan hala dabilela dirudi. Gure zeru osoari bira oso bat, zeruaren 360º-ri dagokiona, $ 2\pi D $ izango da, $ D $ Lurretik Andromedarako distantzia izanik, beraz 4800 kiloparsec izango dira bira oso bat. Andromeda galaxiaren diametroa 67 kiloparsec dira. Zeruari begiratzean ze angeluko zatia hartuko luke Andromeda galaxiak? Hiruko erregelaz kalkulatu dezakegu: 4800 kiloparsec 360º badira, 67 kiloparseci dagokion angelua 5º da. Beraz, begi hutsez galaxia osoa ikusiko bagenu, zeruko esferaren 5º hartuko lituzke bere diametro osoak.

Ilargiarekin ariketa bera egin dezakegu. 384.000 km-tara dago, eta bere diametroa 3475 km dira. Eragiketa berbera eginez, bere diametro angeluarra $ 360^{\circ} \cdot 3475/(2 \pi \cdot 384000)=0,5^{\circ} $ da. Andromedarena baina 10 aldiz txikiagoa. Nahiz eta hemen distantziari dagokion zirkunferentzia eta hiruko erregela erabili ditugun, angelu hau kalkulatzeko formula zuzena $ \delta = 2\arctan(r/D) $ da, $ r $ erradioa izanik eta $ D $ distantzia. Angelu txiki hauetarako, dena den, guk erabilitako metodoaren emaitza ia berberak ematen ditu.

Beraz, badakizue, egunen batean Andromeda galaxiari argazki bat ateratzen saiatzen bazarete, gogoratu ez dela oso oso urrun dagoen puntu txiki bat; ilargia bera baina handiago azalduko zaizue!

Eta amaitzeko, artikulu hau inspiratu duen argazkia bera, urtzaiek bere balkoitik ateratakoa. Jatorrizkoa hemen.


 





Iruzkinak

Blog honetako argitalpen ezagunak

Gainezarpen kuantikoa

Elkartze kuantikoa eta EPR paradoxa

Zizarezuloaren afera: zer gertatu da