Mareak eta ilargia - Ez doaz elkarrekin

Itsas mareak azaltzeko erakutsi izan zaizkigun irudietan ikusten da nola itsasgora ematen den ilargia justu gainean dugunean edo justu Lurraren beste aldean dagoenean. Baina, ilargiaren datuak eta mareenak alderatzen baditugu, ikusiko dugu hau ez dela gertatzen eta ordu batzutako aldea dagoela bi gertaeren aldean. Zergatik?


Aztertzeko kasu errazena hartuko dugu. Demagun ilargi betea dugula: ilargia eta eguzkia Lurraren aurkako aldeetan egongo dira, eta ilargia justu gainean izango dugun unea gauaren erdia izango da. Esan bezala, aurreko irudia begiraturik eta irudi honekin beti azaldu izan zaigun bezala, une horretan itsasgora izan beharko genuke. Egiazta dezagun, www.timeanddate.com webguneko datuak erabiliko ditugu.

Azaroak 19a hilbete izan zen. Egun horretan, ilargiak aurreko gaueko 0:36etan igaro zuen gure meridianoa; ordu horretan zegoen gure pare-parean. Beraz, esperoko genuke itsasgora ere ordu horretan izatea. Taulak begiratuz, ordea, ikusi dezakegu Donostian 4:11etan eman zela gau horretako itsasgora. Ilargiarekiko 3 ordu t'erdi berandu. Berdina egiaztatuko genuke ilargiaren beste edozein fasetan, beste edozein egunetan: marea atzeraturik doa ilargiarekin alderatuz. Goiko irudiko koadrante bakoitza 6 ordukoa dela jakinik, gainera, esan dezakegu irudi horrek egia baino gehiago gezurra dioela Donostiaren kasuan, itsasgora ia ia irudiaren goiko edo beheko uneetan ematen baita.

Mareen benetako dinamika irudi horiek erakusten dutena baino askoz ere konplexuagoa da. Ilargia Lurraren inguruan mugitzen ari denez, une jakin batean ilargitik gertuen dagoen puntuan itsasgora moduko ura pilatzerako, ilargiak jada bere bideari jarraitu dio eta itsasgora teorikoa beste nonbait egongo da. Honek oreka falta etengabe bat sortzen du gure ozeanoen ur mugimenduetan, eta ur korronteen eta itsas hondoaren sakonera eta formen eraginak gehituta, mareak modu oso konplexuan ematen dira itsaso eta ozeano ezberdinetan.

Pentsatuko genuke itsasgorak (eta itsasbeherak, 6 ordu beranduago) Lurreko ozeanoetan zehar ekialdetik mendebaldera barreiatzen direla, ilargiaren arrastoari segika, atzerapen batekin bada ere. Ez da hala. Badaude ozeanoetan puntuak non mareak existitzen ez diren: uraren altuera itsasgoran eta itsasbeheran berdina da. Marearik gertatzen ez den puntu hauei puntu anfidromiko deitzen zaie. Euren inguruan jirabiran mugitzen dira mareak, puntu hauetatik gero eta urrunago orduan eta anplitude handiagoz. Ipar hemisferioko puntuen bueltan mareak normalean erlojuaren orratzen kontrako norantzan mugitzen dira, eta hego hemisferiokoak orratzen norantzan. NASAko web honetan ikus daiteke munduko mareen benetako mugimendua, irudi idealizatutik oso ezberdina dena: https://svs.gsfc.nasa.gov/4541

Beheko irudiak puntu anfidromikoak erakusten ditu, eta haien bueltan mareak nola mugitzen diren. Gorri alderako koloreek marea anplitude handiagoa irudikatzen dute. Ikus daiteke nola Bizkaiko Golkoan anplitude handiko mareak ditugun: altuera diferentzi handia dago itsasgoren eta itsasbeheren artean. Marra zuriek marea fase bereko puntuak adierazten dituzte, marra bereko puntuetan itsasgora une berdinetan ematen da. Marra batetik bestera ordubeteko desfasea dago, eta puntu anfidromiko bakoitzaren inguruan 12 marra daudela ikus daiteke: itsasgora batetik hurrengora dagoen denbora tartea hain zuzen. Horrela, imajina dezakegu nola mareak puntu anfidromikoen inguruan dabiltzan, anplitude handiagoz orduan eta urrunago egon puntu hauetatik.


Bukatzeko, beheko irudian xehetasun handiagoz ikusten dira mareen faseak ozeano atlantikoan. Marren gaineko zenbakiek adierazten dute ilargia Greenwich meridianotik pasatzen denetik zenbat ordura ematen den itsasgora marra horietan. Kantauri itsasoa 3 eta 4 orduko marren artean dago, eta Euskal Herria Greenwich meridianotik oso gertu dagoenez, itsasgora ilargia bere paretik pasatzen den unetik 3 ordu eta zerbaitera ematen dela ikus dezakegu. Goiko datuetan ikusi duguna, hain zuzen ere! Ahaztu mareak ilargiaren arrastoan Lurrari biraka dabiltzan irudikapena, errealitatea askoz ere konplexuagoa da!

Iruzkinak

Blog honetako argitalpen ezagunak

Gainezarpen kuantikoa

Elkartze kuantikoa eta EPR paradoxa

Zizarezuloaren afera: zer gertatu da