Elkartze kuantikoa eta EPR paradoxa
Asko hitz egin izan da elkartze kuantikoaren inguruan, batez ere EPR paradoxaren baitan. Nahiz eta elkartze kuantikoak fisika klasikoan parekorik ez izan, EPR paradoxan duen eragina ez da dirudien bezain misteriotsua. Hemen elkartze kuantikoa azaltzen saiatuko gara, eta EPR paradoxa zer den eta elkartzeak nola eragiten duen ere azalduko dugu. Elkartze kuantikoa ( entrelazamiento cuántico gazteleraz, quantum entanglement ingelesez), fisika klasikoan parekorik ez duen fenomenoa da. Bi sistema ezberdinen egoera kuantikoak elkarrekin nahastuta daude, eta ezin da sistema bakar baten egoera aztertu bestearenean eraginik izan gabe. Bai sistema bat eta bai bestea gainezarpen kuantikoan daude, eta bi gainezarpenak elkarren artean nahastuta daude. Beherago aztertuko dugu matematikoki, Dirac notazioa erabiliz, nola adierazten den egoera hau. Elkartze kuantikoaren ondorio nagusia da sistema batean neurketa bat egiten bada, beste sistemaren egoeran ere eragina duela. Hau da, sistema bat g...